“Orain asko sortzen delako, behar duguna da mundukoa gurera ekartzea”
Hona hemen Urtzi Urrutikoetxeari egindako elkarrizketaren bigarren zatia. Oraingo honetan, arlo literarioan landutakoa sakonki azalduko digu.
Zein ikuspegi duzu egungo euskal literaturaz?
Uste dut oso indartsua, potentea eta ausarta egiten dela, oso gauza berriak. Uste dut inoizko egoera onenean gaudela eta alde horretatik gozada bat da.
Ez daukagu kapazidaderik idazten eta publikatzen den guztia irakurtzeko. Beharbada hori da garai bateko ametsa izango zena ze orain dela berrogei urte egoera hau pentsaezina zen eta euskaraz ere heldu gara puntu horretara.
Noski egiten den guztia ez da ona, gauza txarrak ere egiten dira beste hizkuntzatan bezala baina uste dut oso lan interesante eta proiektu ausartak egiten ari direla. Autore indartsuak irteten ari dira eta alde horretatik ni oso gustura.
Dena den badaukat kezka bat askotan idatzi izan dudan itzulpenarekin. Asko itzultzen da, gero eta gehiago baina oraindik uste dut gehiegitan gaztelerara jotzen dugula munduko gauzak irakurtzeko.
Adibidez Estatu Batuetako edo Alemaniako nobela bat nahi badugu, gazteleraz irakurtzeko ohitura handia dago eta gaur egun itzulpena oso ona egiten da.
Oraindik harrera txikia dela uste dut eta merezi du ze itzultzaileak kriston lana egiten ari dira. Argitaletxeek apustua handia egin dute, izan ere, kostu aldetik garestiago da adibidez eskubideak lortzea baina niri asko gustatzen zait ere kanpoko literatura gurera ekartzen ari dela eta hor ere liburu asko eta asko ari direla ateratzen eta horietako asko apustu handia eginda.
Horrez gain itzultzaile eta gidoilari gisa ere aritu zara…
Niretzat itzulpengintza oso inportantea da eta inoiz esan izan dut Txillardegik Leturia idatzi zuenean Mitxelenari aipatu zion bazeukala nobela bat berak euskaratu nahiko lukeena garai hartan eta Mitxelenak euskaratu ez ezik sortu beharko genukeela erantzun zion. Izan ere garai hartan euskaraz ez zegoen ezer eta sortu behar zen.
Orain asko sortzen delako behar duguna da mundukoa gurera ekartzea. Azkenean gu mundura begira bizi gara, oso antzekoak izan gaitezke Aleman edo Portuges batena beraz munduan daukagun hori gurera ekartzea gustatuko litzaidake.
Tarteka nahi izan ditudan lanak egin eta ekarri ditugu. Adibidez Popeia kurdoa Durangoko azokara ekarri genuen 2010ean Kurdistan herri gonbidatua izan zenean. Hor bazeuden lantxo batzuk eginda eta guk hori euskaratu genuen. Txalaparta argitaletxea animatu zen publikatzera eta bueno esperientzia oso diferentea izan zen eta animatu nintzen hori egitera.
Bertsolaritzan ere zertxobait edo beste egin duzu…
Santutxuko Bertso Eskolan ia umetatik nago eta oso gustora joaten naiz oraindik ere. Gaztetxotan zerbaitetan ibili nintzen baina orain…
Kantuan ez dut askorik destakatu baina bestelakoan beti egon naiz bertsoaren inguruan eta bertsozale elkartean ere behar izan denean hor egon izan naiz.
Adibidez, Donosti 2016an nazioarteko topaketa bate gin nahi izan zen inprobisazioaren bueltan ari zen jendearekin eta hor ibili nintzen.
Beste esperientzia kurioso bat izan zen 2005eko txapelketan, hau izan zen Barakaldoko Bec pabiloira ekarri zen lehena, eta ahalegin berezi bat egin nahi izan zen Euskal Herriko erdaldunengana hurbiltzeko. Orduan Radio Euskadirekin adostasun bat egin zen astero bertso txapelketa erderaz komentatzeko. Asteburuan bertso Saioa egiten zen eta ostiralean Radio Euskadin batzen ginen eta gazteleraz komentatzen genuen asteburuko Saioa. Ideia zen euskal mundutik urrun dagoena baina era berean zure auzokoa izan ahal den hori, behintzat inbidia puntutxo hori edo gustua sartzea.
Berezia izan zen. Han egoten ginen Felix Linares eta beste batzuk eta kuriosoa zen ze terminologia guztia, batzuetan oso arrunta dena euskaraz, erderaz ikasi beharra geneukan, adibidez oina emanda, pie forzado ziren bertsozale elkartetik pasa zizkidaten gaztelerazko terminologiak. Egia esan, niretzat interesantea izan zen ariketa ze batzuetan munduko beste puntara joaten gara baina aldiz auzokideak ez gaitu ezagutzen, ez daki zertan ari garen eta azken finean hurbiltzeko ariketa polita izan zen.
Zer suposatzen dute zuretzat burutu dituzun langintza bakoitzak?
Ni berez azken aldian eta profezioz kazetari bezala nabil eta horretatik bizi naiz, hori da egiten dudana. Batez ere telebista egiten dut baina idaztea beti gustatu zait orduan ahal dela ere artikuluak dauzkat Berrian, eta ahal izan dudanean ere Free Lance egitea gustatu zait.
Gero, beste modu baten ere poesia edo literatura beti gustatu izan zait. Orain igual ez dut azken urteotan hainbesteko tarterik eduki ezer kreatiboa ateratzeko baina egia da azken urteotan hori ez dudala hainbeste landu.
Eta bertsolaria bueno, ez naiz inoiz oso plazazalea izan, Bilbo aldean zerbait egin nuen baina hori besterik ez. Hala ere Santutxuko Bertso Eskolan segitzen dut joaten ostegunero, badira hogeita hamar urte hara noala eta niretzako bada nire asteroko arnas gune polit bat, lagunekin batu, tragoren bat hartu, zerbait kantatu eta listo. Oso gustora egoten naizen lekua da.
Eta zein nahiago duzu?
Ez dut zergatik kendu bat…
Egia da azkenaldian kazetaritza izan dela gehien hartu didana eta nahiko nuke igual apurtxo bat limitatu eta literaturara gehiago hurbiltzea. Askotan pentsatzen duzu denbora dudanean gehiago dedikatuko diot honi eta beste honi gutxiago eta bueno egia esan ahalko banu nahiko nuke literaturan gehiago ibili eta dedikazio handiagoa ematea.
Momenturen baten ari zara kazetaritza eta egunerokoa egiten eta nahi duzu apur bat erlaxatu, hori utzi eta agian horren hibridoa egin, literatura baina kronikaren mundutik ibiliz, hau da, estilo periodistikoa eta literarioa batzen diren leku horretan. Ez biharko edo gaurko gauza bat egin baizik eta azkenean urte askotako bagajea daukagunez, esperientzia hori igual liburu batean atera.
Gogoan dut harkaitz Canok esaten zuena: “Batzuetan gazteak denbora izaten du baina igual oraindik esperientzia gutxiago gauzak kontatzeko eta aldiz beste batzuek zer kontatu eta esperientzia bai baina denborarik ez” eta azkenean batzuek nagusian edo urteak aurrera joan ahala ateratzen dute guztia, bai esperientzia eta bai denbora ere.
Azkenik, zer daukazu esku artean etorkizunari begira?
Orain ofizio bezala esan dezagun, Eitb-n nabil. Beste alde batetik, PEN taldean sartuta nago. PEN International-en euskal adar bat da, kazetari eta idazleen oso elkarte handi bat, 20000 idazle baino gehiago mundu osoan. Londresen dago zentrala eta Egunkariaren itxierarekin 2004ean sortu zen lehen euskal taldea. Lehenago egon ziren beste bi ahalegin.
Egia esan dedikazio handia daukat horretan, Nazioarteko kongresu eta bilera askotan egon naiz. Garai batean asko egin genuen adierazpen askatasunaren defentsan eta hemen gertatzen ari ziren kasuak eramaten, egunkaria kasu.
Era berean gure kultura apur bat hurbiltzen saiatzen gara euskal literatura edo halako aldizkariak eramaten eta horrek egia esan konplizitate asko sortu du.
Duela gutxi Londreseko bulegoan egon nintzen. Gero, maiatzean, Chiapasen daukagu bilera bat hizkuntza indigenen urtea delako aurten eta hor ere badaukagu proiekturen bat, urrian Filipinetan kongresua eta beste hainbat gauza.
Hor nahiko sartuta nabil gauza Euskal Herriko eta euskararen mundua nazioartera zabaltzen. Legebiltzarrera ekarri genuen Iranen heriotzera kondenatuta zegoen kazetari kurdu baten familia eta segitzen dugu apur bat lan horretan eta era berean gurera kanpora eramaten.
Orduan ni eremu horretan gustora nago. Horiek dira epe laburrera begira eskuartean ditudan gauzak.
Comments: no replies