“Zorte handia dut musika nire ogibide bihurtzeko aukera izan dudalako”
Seiren taldeari esker aski ezaguna zaigu Onintze Garcia baina orain bakarlari moduan saltoa eman eta gutxi barru kaleratuko du bere lehenengo proiektua.
Neox Discover programan 900 ekoizpenen artean hirugarrena geratu eta horri esker Antena3 telebistan santutxuar honen “A la luz de la luna” deituriko bideoklipa ikusteko aukera izan dugu.
Bere estreineko diskaren abesti honek jaso duen erantzunarekin pozik, Islandian grabatutako bideoaren nondik norakoak kontatu dizkigu Onintzek besteak beste, lortutako emaitzaz harro.
Seiren taldeko partaidea, orain bakarlari moduan baina musikaz gain ezer gutxi dakigu zure bizitzari buruz
Txikitan Karmelo ikastolan ikasi nuen, ikastolatik, gehiengoak egiten zuen bezala Gabriel Aresti institutora pasa eta bertan egin nuen batxilergo. Ondoren, Donostin burutu nituen Arkitektura teknikoko ikasketak.
Baina egia esan, lotura gutxi dut Arkitekturaren munduarekin. Unibertsitatearekin amaitu baino lehen gitarra klaseak ematen hasi nintzen eta egun, horretan jarraitzen dut, musika irakasle bezala lanean nabil Barakaldoko HalaDzipo musika elkartean eta Bakioko musika eskolan, beraz, esan dezakegu ezer gutxi dagoela musikaz aparte nire bizimoduan gaur egun.
Noiztik datorkizu musikarekiko afizioa?
Betidanik izan dut musikarekiko zaletasuna, nire gurasoek beti esaten didate txiki-txikitatik ibiltzen nintzela etxetik abesten, gero, 7 urterekin piano eta solfeo ikasten hasi nintzen, beranduago kitarrarekin hasi…eta noizean behin beste instrumentu batzuk apur bat ikasten ahalegintzen naiz (bateria, baxua…)
Zer da musika zuretzat?
Musika nire bizitzaren ardatz nagusia dela esango nuke, ia dena da musika nire bizitzan eta nire bizimoduan, klaseak eman, musika ikasi, kantuak sortu, kontzertuak eman… sorte haundia dut musika nire ogibide bihurtzeko aukera izan dudalako.
Seiren taldea 2005ean sortu zenuen Jokinekin batera. 2007 lehen diska atera zenuten, 2010ean bigarrena eta hirugarrena 2012ean. Zer suposatu dute zuretzat taldearen hamar urte hauek?
Nahiz eta Seiren-ekin hasi aurretik bai Jokin eta ni ibiliak ginen lagunarteko beste proiektu batzuetan, Seiren izan da gure lehenengo talde “profesionala”. Bertan ikasi dugu dakigun ia guztia.
Denbora asko eman dugu proiektuan murgilduta, eta proiektuarekin batera gu ere hasi gara… hiru diska sortu eta kaleratu ditugu, musikari haundiekin jotzeko aukera izan dugu, gure kantuek komunikabideetan tokia izan dute, primerako lekuetan eskeini ditugu kontzertuak, zer gehiago eskatu dezakegu?
Seiren alde batera utzi eta orain bakarlari moduan proiektu berria. Honek Seirenen amaiera suposatzen du?
Ez, honek ez du taldearen amaiera suposatzen, etenaldi bat egin dugu bidean, hori besterik ez.
Orain gauza berriak probatzeko gogoekin gaude, eta proiektu berriei denbora osotasunean eskeini nahi diegu, baina horrek ez du esan nahi aurrerago Seiren-en disko berri bat edo kontzerturik egongo ez denik…
Neox Discover programan 900 ekoizpenen artean hirugarrena geratu zinen. 900 horietatik adituek 70 aukeratu zituzten eta internet bidezko bozkaketan hirugarren hautatua izan zinen. Horri esker Neox eta Antena3 telebistan zure abestia ikusteko aukera izan dugu.
Zelan sortu zen bertara aurkezteko ideia?
Neox discover-en parte hartzea aukera bat izan da niretzat, nire musika esparru haundiago batera zabaltzeko bide bat.
Enteratu nintzen Atresmedia-k ekimen berri bat jarri behar zutela martxan, “talentu” berriak ezagutzera emateko, “neox Discover” izeneko telebista programa bat sortu behar zuten eta Neox, Antena3 internacional eta Europa Fm izango zutela hautatuek erakusleiho.
Parte hartzeko kantu eta bideoklip bat aurkeztu beharra zegoen, kasualitatez, nik “A la luz de la luna” kantua kaleratu berri nuen bideokliparekin batera eta bidali nuen. Gainontzekoa zuk kontatu duzu, 900 ekoizpenen artean hirugarren geratu nintzen, pasada bat.
Noiz sortu zen bakarlari izateko proiektu berri honen gogoeta?
Egia esan, badaramatzat urte batzuk proiektuarekin bueltaka. Kalera begira oso berria da, baina badira 3-4 urte etxean kantuen lehengo maketak grabatzen hasi nintzenetik.
Zalantzak izan nituen proiektua aurrera eramateko orduan, batez ere bakarlari gisa nire burua aurkezteagaitik…hor atera ziren nire beldur guztiak…baina barne eztabaida haundi bat pasa eta inguruko jendearen bultzada eta babesa jaso ondoren, pentsatu nuen ez nuela ezer galtzeko eta edozer nahi duenak zeozer eman behar duela trukean, beraz, aurrera egitea erabaki nuen inoiz baino indar gehiagorekin gainera.
Bakarlari moduan zure lehen diska heltzear dago ezta?
Bai, diska osoa grabatuta dago jada eta laster kaleratuko da, nahiz eta data zehatza finkatzeke dagoen oraindik.
Estreinaldia Paco Salazar ekoizle ospetsuaren eskutik egin duzu
Hori da, Paco Salazar izan da nire estreineko diska izango denaren Ekoizlea.
Bera, Raphael, Amaia Montero, Nena Daconte, David de Maria, Aitana, etab.-en ekoizle izan da eta Dani Martin-en taldean dihardu gitarjole bezala azkenengo urteetan baita.
Nik bere lana oso gertutik jarraitu izan dut aspalditik eta asko estimatzen dut bera musikari bezala. Diska grabatzeko ideia buruan nuela, pentsatu nuen berarekin harremanetan jartzea, nire abestiak ekoiztea proposatuz…Kantuen maketak bidali nizkion eta asko gustatu zitzaizkion, beraz, elkarrekin lan egiteko proposamena onartu zuen.
Talentu haundiko musikaria da eta benetan sorte haundia izan dudala berarekin lan egiteko aukera izateagaitik, esperientzia ahaztezina izan da, pilo bat ikasi dut berarekin eta diskoaren emaitzarekin ezin gustorago geratu naiz.
Hamar abestiz osaturiko diska izango da eta horietako abesti guztiak gazteleraz. Zerk bultzatu zaitu gazteleraz abestera?
Egia da diska honetako abesti guztiak gazteleraz idatzita daudela, baina ez dago gazteleraz izateko arrazoi berezirik.
Kontua da, nik euskera eta gaztelera baino ez ditudala menperatzen idazteko moduan. Urteetan zehar euskeraz zein erderaz konposatu izan ditut kantuak, momentuaren arabera.
Euskeraz idatzi ditudan kantu asko Seiren-en diskoetan argitaratu ditugu eta proiektu berri honetarako, aldiz, erderaz idatzitako kantuak bildu ditut.
Zeri buruz ari dira abestiak?
Normalean abestietan istorioak kontatzen saiatzen naiz, norbaitek entzun eta bereak sentitu ahal dituen istorioak, lehengo pertsonan idatzita daude diskako kantu guztiak.
Letra batzuetan, niri gertatutakoak kontatu ditut, beste batzuetan aldiz, egoera edo gertaera bat suposatu eta ni egoera horretan izango banintz nola sentituko nintzatekeen kontatzen ahalegindu naiz.
Hausnarketa ugari egin dut kantuen istorio guztiak nireak sentitzeko, barrura begiratu eta ezintasunak kanpora ateratzeko modu terapeutikoa ere bada kantuak idaztea.
Abesti horietako bat atera berri duzun singlea izango da: ‘A la luz de la luna’ deiturikoa. Zelako jasoera izan du lehenengo abestiak?
Ba egia esan oso oso ona, mezu pilo bat jaso dut abestia eta bideoa dala eta zoriondu. Oso pozik nago jasotako erantzunarekin, izan ere, bakarkako proiektuarekin aurrera egitea erabaki nuenean nire buruari jarritako baldintza bakarra izan zen prozesu guztiaz disfrutatzea, pausu txiki eta tinkoak ematen joatea, baina inolako helmugarik ezarri gabe. Bidean suertatzen diren aukera txiki guztiei gogor heldu eta apurka apurka aurrera jarraitu…
Eta dagoeneko espero baino aukera gehiago suertatzen ari dira bidean, Paco Salazar-ekin diskoa ekoiztu, Islandiara joan bideoklipa grabatzera, Neox discover-en lortutako emaitza….
Laster etorriko dira gainontzeko kantuak eta kontzertuak baita.
Zelakoa izan zen “A la luz de la luna” bideoaren grabaketa? Leku paregabean gainera, Islandian.
Ba zer esango dizut grabaketari buruz…kristona! Orain dela urtebete elkarrizketa bera egin izan bagenu eta galdera bera planteatuko bazenida, brometan ari zinela pentsatuko nuke, jaja!
Lehen esan dizudan bezala, aukera desberdinak suertatzen ari zaizkit proiektua martxan jarri nuenetik, zorionez, eta ez dut bat bera pasatzen utzi nahi.
Beraz, Islandian nire lehendabiziko bideoklipa grabatzea posiblea zela jakin bezain laster, ia pentsatu barik, baiezkoa eman nuen.
Bertan izan ginen TAOM-eko lantaldea eta ni astebetez jo ta su grabatzen. Gogorra izan zen, hotz haundia pasa genuen, gauero leku desberdin batean egiten genuen lo, kilometro ugari egin genituen, Irla osoa zeharkatu genuen mendebaldetik ekialdera eta berriro buelta.
Baina oso esperientzia aberasgarria izan zen, paisaia izugarriak daude bertan eta bistan da emaitzan pena merezi izan zuela esfortzuak…Zoragarria da Islandia!
Musikari ezagunen parte hartzerik izan duzu diskan?
Bai, luxuzko musikari taldea izan dut diskoaren grabaketan nire ondoan, Paco Salazar, diskoa ekoizteaz gain, gitarra, baxu, teklatu eta programazioak grabatu ditu, Mondy Alonso-k (Nena Daconte, Amaia Montero…) batería jo du, David Soler-ek (M-Clan, Quique Gonzalez…) grabatu du Pedal Steel-a eta Jokin Lacalle-k (Seiren) bigarren ahotsak sartu ditu.
Pozik geratu zara lortutako emaitzarekin?
Momentuz bizitakoaren balorazioa ezin hobea da, esan dizudan bezala ez nuen helmugarik finkatu proiektu berri honekin aurrera egitea erabaki nuenean eta jada niretzako imagina ezinak ziren gauza asko egitea lortu dut.
Jendearen harrera lehenengo single-arekin bikaina izaten ari da eta asko ikasten nabil bide berri honetan…niretzako hori da gauza garrantsitzuenetako bat.
Laster entzun ahal izango dituzue gainontzeko kantuak, maitasun eta mimo haundiz sortu eta landu ditugunak.
Behin diska kaleratuta, daukadan indar eta ilusio guztiari heldu eta apurka apurka proiektua ezagutzera ematen jarraitzea gustatuko litzaidake.
Kanpoan bizi zarenez gero, faltan botatzen duzu auzoa?
Santutxu bezalako auzorik ez dago inon! Bertan bizi eta hezi garenok badakigu Xarma berezia duela auzoak.
Ni orain zornotzan bizi naiz, baina Aita eta Ama Santutxun jarraitzen dutenez, askotan ibiltzen naiz bertatik, gutxienez astean behin egiten diet bisita, horrela ez dago denborarik auzoa faltan bota ahal izateko.
Comments: no replies