Azaroaren 23tik Abenduaren 3ra
ZER DA EUSKARALDIA?
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan egingo den ariketa soziala da.
Euskaraldia, euskaraz ulertzen edo hitz egiten duzuen guztiei zuzendua dago eta hiztunon hizkuntza-ohiturak aldatzea eta praktika berriak bultzatzea du helburu?
Hamaika egunetan zehar, 16 urtetik gorako herritarrei Ahobizi edo Belarriprest modura jarduteko gonbitea egingo zaie, beren egunerokoan euskarazko praktikak izan ditzaten euskaraz ulertzeko gai diren herritar guztiekin.
AUKERATU ZURE ROLA!
Nahi baduzu izan zaitez AHOBIZI eta euskaraz bizi, 11 egunez euskaraz bizitzeko erronkari eutsiko diozu.
Zer esan nahi du horrek?
Ingurunean (etxean, lagunartean, lantokian…) dituzun ezagunekin euskaraz egingo duzu, baldin eta euskaraz ulertzen badute. Ezagun horiekin beti eta erabat egingo duzu euskaraz hamaika egun horietan, nahiz eta haiek zuri erdaraz erantzun.
Ezezagunekin hitz egiterakoan, zuk lehen hitza euskaraz egingo duzu, eta ulertzen badizute, euskaraz jarraituko duzu. Berdin da haiek zuri erdaraz erantzutea.
Edo izan zaitez BELARRIPREST, beti bestea euskaraz entzuteko prest.
Belarriprest izanda…
Belarriprest izateko, euskaraz ulertu behar duzu ezinbestean.
Zure jarrera positiboa erakusten duzu: “bai ongi hartzen dut norbaitek niri euskaraz egitea”.
Gonbitea egiten diozu euskaraz dakienari zuri euskaraz egiteko: “Euskaraz ulertzen dut. Egidazu lasai euskaraz!”
ETA SANTUTXUN ZER?
Santutxun euskara ari du. Ugariak garelako Santutxun euskaraz eta euskararen alde gabiltzan tantak. Bakoitzak bere errealitatetik abiatuta eta bere aukerak kontuan hartuta, baina martxan gaude.
11 egunez euskaraz bizitzeko edo euskarara hurbiltzeko konpromisoa hartu dugu auzoko euri tantok. Izen emate mahaietan txandak, formakuntza tailerrak, egitarau prestaketa, … hamaika dira dagoeneko auzoan egindako ahaleginak.
Horren adibide da, urriaren 25ean aurkeztutako hamaikakoa. 11 auzokide, 11 mundu, batzuk belarriprest, besteak ahobizi, … baina denak euskara hauspotu nahian.
Lana bai, baina batez ere ilusioz ari gara, euskarak ilusioz ariko du. Euskaraldiari esker, tanta guztiak batu eta euskara olatu bilakatuko dugu.
Elkar ezagutzea, ulertzea, ausartzea eta, batez ere, elkarrekin euskaraz bizi eta gozatzea lortu nahi dugu. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eta aurrerago ere bai. Hau bide baten hasiera delako.
Bide baten hasieraren azken txanpan murgildurik gaude, eta badugu zereginik; gure auzokideari, familiari, lankideari, … euskaraldiaren berri emanez, lagunartean erronka proposatuz, antolatuko diren formakuntza tailerretan parte hartuz, … .
Oraindik ez duzula izenik eman?
Sartu www.euskaraldia.eus atarira eta online bidez izen eman dezakezu edota bestela hurbildu auzoko izen emate mahaira eta bete inprimakia!
Horrez gain, datozen aste eta egunetan, auzoan eta Bilbon antolatuko diren hainbat ekimen eta ekitaldien berri izango duzue.
Informazio gehiagorako, jarrai gaitzazu sare sozialetan
Facebook: Euskaraldia Santutxu
Twitter: @Euskaraldia_stx
Comments: no replies