Ispiritu egonezin bat
Urtzi Urrutikoetxea Txurdinaga auzoan jaio baina Santutxun pasa du bere haurtzaro guztia eta oraindik ere astean behin Santutxuko Bertso Eskolara joaten da. Kazetari, idazlea eta horrez gain bertsotan eta itzulpengintzan jarduna da.
Kazetari gisa EITBko albistegietan ikusi izan dugu baina horrez gain hainbat euskal kazetatan aritu da. Free Lance bezala Munduko txoko ezberdinak ezagutzeko aukera izan du; Kolonbia, Venezuela, Turkia, Irak, Kurdistan eta Kosovo beste herrialde askoren artean.
Idazle gisa hiru poesia liburu, bidaia liburu bat eta eleberri bat argitaratu ditu.
Miribilla auzoko Mirigorri txokoan berarekin egon gara eta egin diogun elkarrizketan, bizipen eta anekdota ugari kontatu dizkigu. Hain interesgarria denez, gero bi zatitan banatzea erabaki dugu. Hona hemen, elkarrizketa erakargarri honen lehenengo partea.
Idazlea, kazetaria, itzultzailea eta bertsolaria zara. Kazetaritza munduan eskarmentu handikoa, ETBko albistegietan eta hainbat kazetatan aritu zara, besteak beste Euskaldunon Egunkarian, Berrian, Garan, Jakinen, Argian… Zelan hasi zinen?
18-20 urterekin literaturan gauza batzuk egiten eta publikatzen hasi nintzen.
Nik berez ez nuen kazetaritza hasi, bai ordea ikus entzumenezko komunikazioa baina lehenengo bi urteetan elkarrekin geunden bi taldeak beraz horrek aukera eman zidan nahiko modu errazean jendea ezagutzeko. Gainera, garai hartan euskal kazetariak behar ziren bai Euskaldunon Egunkarian edota Argian kronika batzuk egiteko ere eta niri beti gustatu izan zaidanez istorioak kontatzea, aukera paregabea izan zen.
Garrantzitsua da niretzat interesantea den erreportaje edo istorio bat ekarri eta askatasunez kontatu ahal izatea eta hori gertatu izan zait munduan zehar, hau da, gazteleraz ari ziren beste kazetari batzuk ezagutu eta justo horren falta izatea, medio baten falta nahi dutena publikatzeko. Eta aldiz nik ba zorionez ia inoiz ez dut eduki arazorik euskaraz istorio bat gustatuta, bertara joan, hartu eta publikatzeko.
Guk, zorionez, badaukagu gure askatasun burbuila hori eta alde horretatik ere oso gustura aipatu dituzun medio horietan.
Gainera, munduko hainbat herrialdeetan egona zara bertako gertaerak lehen pertsonan biziz. Besteak beste Mexikon, Haitin, Kolonbian, Venezuelan, Turkian, Iraken, Kurdistanen, Txetxenian, Kosovon, Albanian, Israelen eta Europa eta Afrikako beste herrialde askotan… une politak eta une ez hain politak bizi izango zenituen; zeintzuk dira sekula ahaztu izan ezingo dituzun horiek?
Momentu asko eduki ditut. Askotan gustatzen zaizuna ofizio bihurtzen duzunean, obligazio bat da leku batzuetan istorio batzuk kontatu nahi izatea baina kontrakoa ere bai, zuk egin nahi duzuna da eta Free Lance izateak ere puntu hori badu, hau da, momentu batzuetan nik istorio bat egin nahi izatea eta ekonomikoki aterako ez dugun istorio izatea baina nik egin eta kontatu nahi dudan istorioa izanda, egitea.
Umea jaio aurretik batez ere, ibili nintzen urte batzuetan Balkanetan, Ekialde Hurbilean Kurdistanen eta Kaukasoan ere. Hor oso jende zoragarria ezagutu dut. Adibide batzuk ipintzearren ba Kosovoko independentzia egunean egotea oso hunkigarria izan zen niretzat, Kurdistanen Halabjan, Sadam Husseinek bonbardatu zuen hirian egotea ere oso sakon heltzen zaizu.
Turkiako kurdoekin adibidez ikastola proiektu txiki bat zeukaten gero han militarrak etengabe dabiltza, ezin dute ezer utzi baina ikusten duzu berehalako sinpatia bat dagoela. Azkenean kurdoek badaukate oso diaspora handia Alemanian edo Eskandinavian eta orduan handik askoz elkartasun handiagoa daukate. Hizkuntzaren asuntoak berehala egiten dizu zubia. Kontatzen hasten zara guk etxean jaso dugun frankismoa, euskararen debekuak eta halako batean han ere antzeko bizi direla kontatzen dizute. Umeari izen kurdo bat ipini nahi eta ezin, kurdoez hitz egitean jo egiten zaituzte eta umea eskolan utzi eta lehenengo egunean eskolara sartu bezain pronto ikasten duena Turkiarra izatea zein ona den. Orduan berehala sortzen da konexio hori.
Behin, ikastola moduko proiektu kooperatiko bat egin zuten eta guraso batzuk negarrez ari zirela umeak berriz ere kurdoez ari zirela ikustean ba horrelako istorioak benetan hunkitu egiten zaitu, gelditzen zaizkizu eta gainera sinpatia berezia sortzen dizute.
Gerra korrespontsala izan zinen?
Nik nire burua ez dut gerra korrespontsal bezala ikusten. Garai batean Istanbulen bizitzen egon nintzen eta handik Irakera egin nituen bidai batzuk, lau bat aldiz eta egia da momentu batzuetan, adibidez Kirkukera joaten bazinen, protekzio bat jartzen zizutela. Baina hori ez da kazetaritza. Izan ere jende armatuarekin bazoaz ezin duzu periodismoa egin. Atzean jende armatua badaukat ni ez naiz libre eta jendea ere ez da libre hitz egiteko. Beraz ere hor ere limitatuta zaude. Egia da zure segurtasunagatik dela baina bueno.
Hor adibidez, Irakeko Kurdistanen, emakume zentroa bisitatzen egon nintzen eta oso istorio gogorrak zeuden bertan. Iparraldean adibidez, Turkiako aldean, emakume askok bai ideia nazionalengatik esan dezagun, mendira jotzen zuten baina baita tradizio familiarrekin apurtzeko ere. Gerrillan egotea gauza horietatik libratzeko modua zen. Hegoaldean askotan oraindik klanaren edo tribuaren pisua handiagoa zen eta hor pasarte gogorrak zeuden.
Adibidez niri tokatu zitzaidan behin mendian gau baten Iran eta Iraken mugan egotea. Bertara igo nintzen gerrilla Kurdoarekin elkarrizketa bat lotuta eta gauez entzuten zenituen han urrunean mendian Iran bonbardatzen ari zirela eta halako batean, hurrengo goizean, komando osoko emakumeak agertu ziren barkamena eskatzen elkarrizketara agertu ez zirelako, nahi baina ezin izan zutela agertu esanez. Gero bakoitzak bere istorioa kontatzen dizu. Diskurtso politiko elaboratua daukate baina era berean ere argi eta garbi zeren alde ari diren borrokan eta oso potentea da. Markatzen zaitu.
Orain, kazetaritzan hasi zinenean baino adierazpen askatasun gutxiago dago?
Seguraski bai, nik karrera 1995-98an burutu nuen, nola esan, garai baten gogorra zen, egunkari batzuk ixten ziren, kazetari batzuek bizkartzainak zituzten, oso konflikto gogorra geneukan. Hori puntu handi batean amaitu da. Orain ezin dugu imajinatu guardia zibila egunkari bat ixten baina, era berean, egia da badagoela eta ziur ere hori badela guk hemen daukagun kultura demokratikoaren falta bat, oraindik ere diktaduraren pisua badagoela. Izan ere, batzuetan oraindik planteatu egiten da galdera: hau esan dezaket? Eta galdera hori Londresen, Oslon edo Estokolmon adibidez ez da planteatu ere egiten.
Hori gertatzen da hemen askotan zarata asko dagoelako, zerbait pixten da, kriston polemika sortzen da baina inork ez du ados ez dagoela esaten. Gauza da astokeri bat izan daitekeela baina astokeria hori esateko eskubidea dago.
Imaginatu astokeri horren aurrean esaten badizut kartzelara joan behar duzula. Orduan ia nik ezin dizut rebatitu. Eta horren aurrean adierazpen askatasuna oso inportantea da.
Bizi garen egoera honetan diskurtso misogenoak, xenofoboak edo homofoboak egoten dira eta librea da hori guztia esatea? Jakin behar duguna da horri guztiari enfrentatzen, hau da, dialektikoki horri aurre hartzen, diskurtsoa da eta horri egin behar diozu aurre eta hor irabazi behar diozu jakinda askotan beraiek askoz arma potenteagoak dauzkatela, atzetik ere diru asko edota bestelako interesak egon daitezkeela baina zuk daukazuna hitza da eta hitzaren garrantzian zuk irabazi behar duzu.
Niri pasatu izan zait adibidez anekdota gisa, aspaldi Bilbon larunbat goiz baten sute bat egotea eta bertara heldu ginenean ezer ez egotea, soilik atea pixka bat ilunduta. Orduan, kamerarekin ate hori grabatzen hasi eta udaltzain bat etorri zitzaidan berari grabatu izana leporatuz. Nik atea grabatzen ari ginela erantzun nion eta atera nahi ez bazuela bertatik kentzea izango litzatekeela onena baina argi dagoena da nire lana zelan egin behar dudan berak ezin didala esan. Herri demokratiko batean polizia bat ezin zaio joan esaten kazetari bati ez grabatzea. Egin beharko lukeena da atera nahi ez badu, bertatik kendu edo tapatzea.
Beste herrialdeetan hori ez da gertatzen, ezta?
Berlinen egon nintzen 2001-2002an eta tokatu zitzaidan maiatzaren lehena kontatzea. Egun hori oso potentea da, bertan ezkerreko talde autonomo asko daude, askotan biolentoak direnak eta momentu hartan poliziak ere karga gogorrak egiten ditu baina poliziak oso argi zeukan kargatzera zihoanean noren kontra jo behar zuen eta kamera edozein lekutan sar zitekeen, barru barruraino. Poliziek kamera ez dute zertan ikutu eta okurritu ere egin kazetariari zerbait esatea.
Hori herri demokratiko normal batean ebidentea da eta gurean aldiz urrun gaude oraindik.
Idazle lanan sakonduz, hiru poesia liburu, bidaia-liburu bat eta eleberri bat (Auzoak) argitaratu dituzu. Zelan hasi zinen idazten?
Santutxuko Bertso Eskolan ibili nintzen bertsotan eta 13-14 urterekin kantatzeaz gain idatzi ere egiten genituen bertsoak.
Lehiaketa batzuk ere egon ziren garai hartan, orduan batzuetan poesia eta bertso paperak batzen ziren leku horretan bazegoen Urruzuno izeneko literatur lehiaketa bat, Eusko Jaurlaritzak antolatutakoa. Orain pena da nik uste azken urteetan desbirtuatu delako baina garai hartan oso polita zen.
Nolabait hamar egunetan sartzen badituzu literatur afizioak dauzkaten hogei nerabe ba oso koktel potentea sortzen da.
Ni hasiera baten ez nintzen hain literatur zalea idazteko ze beti izan dut zaletasuna irakurtzeko baina azkenean pertsona hauek ezagutzeak eragiten dizu eta hortik etorri zen mundu berri bat ezagutzea, literaturan gero eta gehiago sartzea, poemak idaztea, lehiaketa batzuetan parte hartzea eta beste horren beste.
Poesian hasi eta gero generoz aldatu eta eleberrira egin zenuen salto..
Bueno, alde batetik poesia ez dut inoiz utzi. Puntu baten poesia idaztea errazagoa da, azkenean edozein momentutan sortu dezakezun elementua da, kuaderno txiki batekin egiten duzun gauza. Ipuingintza edo eleberriak, kasu honetan Auzoak, liburu bat zen hari bat zeukana baina kontakizunek, errelatoek lotzen zutena.
Hemen bazegoen proiektu bat luzerago begira zena eta gutxi gora behera nora heldu nahi duzun badakizuna eta horrek lehen aipatzen genuena eskatzen du, hau da, denbora gehiago, ideia argiak eta konstantzia bat poesian ere izan dezakezuna edo ez, ez dena hain beharrezkoa. Orduan ez dut uste hainbeste aldaketa izan zenik ze garai hartan ere nik poesia beti segitu dut egiten baina bai aldiz zentratzea proiektu konkretu batean.
Oraindik ere jarraitzen duzu poesia idazten ala alde batera utzi duzu?
Utzi inoiz ez baina adibidez duela bi-hiru urte, familiarekin uda bat eman genuen Estatu Batuetan. Ni oso bidaiazalea naiz baina kasu honetan apartamentu bat hartu eta bi hile eta erdi eman genituen Boiseko ikastolan, Idahon.
Momentu hori niretzako izan zen hemendik urruntzeko aukera bat. Boiseko euskal komunitatean sartuta ibiltzen ginen baina obligazio handirik gabe eta niretzako oso polita izan zen. Goizean momentu batzuetan bakarrik egoten nintzen eta orduan garai hartan tartea nuenean asko idatzi nuen.
Gainontzean noizean behin ideiak izaten ditut eta zerbait idazten dut baina nahi beste ez.
(Jarraipena Maiatzeko alean)
Comments: no replies