“Nahi duguna lortu ahal dugu antolatuta bagaude”
Akelarre Santutxuko Talde Feminista duela hiru urte sortu zen Iduna taldeak auzoan utzitako hutsunea betetzeko nahian, besteak beste. 2016an sortu zenetik hainbat ekintza egin dituzte auzoan zehar eta nola ez, aurtengo Martxoak 8 ere ez da gutxiago izango. Elkarrizketa honetan Akelarreko kideek gauza guzti horien berri eman digute.
Noiz eta zelan sortu zen Akelarre?
Orain dela 3 urte eta 3 hilabete sortu genuen taldea. Ernaiko eta Gazte Asanbladako kide batzuk Santutxuko jaietan b:atu ginen Azaroaren 25ean dinamika bat prestatzeko: “Azaroak 25 emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako eguna da eta Santutxuk be emakumeen aurkako indarkeriari ez esaten dio. Emon aurpegia eta irten kalera!”.
Photocall bat margotu genuen eta auzoan jarri genuen indarkeria matxista salatzeko eta auzoak borroka honetan parte hartzeko.
Taldea sortzeko beharra zegoen?
Gure taldea sortu baino lehen auzoan Iduna talde feminista zegoen eta desegin zenean auzoan hutsune bat geratu zen. Data zehatz batzuetan ekintza ezberdinak egiten ziren auzoan baina ez zen feminismoa lantzen. Horrexegatik, hasi ginen batzen kide batzuk feminismoa berpizteko auzoan.
Nori dago zuzendua bereziki?
Auzoari orokorrean baina konkretuki auzoko emakumeei.
Talde mixtoa da ala emakumeek osatua?
Hasieran mixtoa zen, eragile ezberdinetako kideak geundelako eta dinamika baten hasi ginelako. Gogoratzen dugu kontraesanez beteta geundela mixtoa zelako eta gatazkak hasi ginan izaten pentsamendu ezberdinak eta kontrako jarrerak izan genituelako gai batzuetan. Denporarekin taldearen oinarriak zehaztu genituen eta zeuden mutilak joan ziren. Hortik aurrera talde ez mixtoa izatea adostu genuen*.
Eta zer eskaintzen duzue? Zer uste duzue eskaintzen diola taldeak auzoari?
Espazio feminista bat non lan egin dezakegun genero ikuspegi batetik: alde batetik, eraso matxistei erantzun bat emateko eta beste aldetik, sare bat bat sortzeko, bertan gure iritziak adierazteko, eztabaidak emateko eta formakuntzak jasotzeko. Normalean Karmelan egiten ditugu gure tailerrak, asanbladak, zineforumak etab.
Zelakoa izan da jendearen erantzuna ekintza horietan?
Auzoak eta auzokideek erantzun positiboak izan dituzte, babestuak sentitu gara. Orokorrean gure ekintzak auzoko kaleetan egiten ditugu eta animatzen gaituzte borrokan segitzera. Noizbait eraso edo jarrera matxistaren bat salatu dugunean auzoko komertzio edo tabernaren batean gure erantzuna ez da izan ongi etorria.
Zelan definituko zenukete feminismoa?
Guretzako borrokatzeko eta bizitzeko modu bakarra, feminismoak aske egiten gaituelako. Jakin badakigu feminismo ezberdinak daudela, baina oinarri baten elkartzen dira: zapalduon alde borrokatzen duen mugimendu politikoa da.
Ze garrantzia uste duzue duela ezagutzeak emakumeek historian zehar borrokatu eta lortutakoak?
Ez dena kontatzen ez da existitzen. Horrez aparte, historian zehar egon diren emakumeak eta euren lorpenak buruan izan behar ditugu, haiek gure erreferenteak izan behar dutelako. Euren borrokak oraindino dira gure borrokak eta nahiz eta lorpen nahikotxo lortu, emakumeon eskubideak oraindino ez dira bermatu.
Zeintzuk dira emakumeak bere egunerokotasunean aurre egin behar dituen oztopo eta erronkak?
Gure gorputzak ez dira gureak: ezin gara kaletik (egunez zein gauez) libre ibili, edertasun kanonak gaixotzen eta hiltzen gaituzte, gure gizartean modu bakarra dago izateko emakume, hau da, femeninoa eta esanekoa.
Gure ikasketen eta laneko hautaketan “ikasketa eta lan feminizatuak” aukeratzen ditugu eta gure gizartean, eta ez da kasualidadea, haiek prekarizatuenak edo zaintzarekin lotuta dauden lanpostuak dira, hots, lan baldintzak eta soldatak kaskarragoak dira.
Emakumeon presentzia espazio publikoetan (edozein espazio: eskolako patioetan, unibertsitateko goi mailako lanpostuetan, enpresetan, kalean, oholtzetan, etab. ) sinbolikoa da.
Espazio autogestionatu eta askatzaileetan ere gure diskurtsoa asko landu behar da, borroka feminista ez delako kontsideratu garrantzi handiko borroka
Eta azkenik, emakumeon ahalduntze prozesu handiago bat eman behar da gure gizartean. Gure gizartean dagoen espazio berreskuratu behar dugu gure ahotsa entzun dezaten.
Zein esango zenukete dela emakumeak orain arte lortutako lorpenik handiena?
Antolatzeko gaitasuna; nahi duguna lortu ahal dugu antolatuta bagaude. Horretan sinistu behar dugu.
Martxoak 8ren harira, zer duzue esku artean?
Momentu honetan Greba Feministarekin jo ta fuego gaude. Kide bakoitzak eragile baten dago eta horrela informazioa biltzen dugu eta Bilbo mailan dauden dinamiketan parte hartzen dugu ere bai.
Taldean gazte nahikotxo gaudenez, Bilboko Gazte Sare Feministan parte hartzen dugu eta bertan proposatzen den ekintzetara animatzen gara. Bestetik M8ko Koordinadoran parte hartzen dugu gure perspektiba bermatzeko eta aldi berean, proposatzen diren deialdietan parte hartzeko.
Santutxuko beste taldeekin lan egiten duzue?
Santutxuko Jai Batzordearekin, Santutxuko Gazte Asanbladarekin, Gaztedirekin, Ernairekin besteak beste.
Zein da talde feministaren egoera gaur egun?
Gure taldea berpiztu dela esango genuke. Hasi zenetik, presente egon da auzoan baina gaur egun indartsu baino indartsuago dago. Nahiko kide batu gara aurten eta oso anitza da taldea. Kide berriak sartu direnez, seguruenik topaketaren bat egingo dugula aurten M8a pasa eta gero, harremanak estutzeko eta konfiantza gehiago izateko. Argi dago, feminismoaren gorakadarekin asko indartu direla talde feministak eta horri eutsi behar diogu.
Azkenik, Martxoak 8ko ekimenez gain, zein izango da burutuko duzuen hurrengo ekimena?
Santutxuko Inauteriak dira eta Akelarrek lehenengo aldiz desfilatuko du desfilean. Gure aukera ikusgarria eta bitxia izango da eta agian denek ez dute ulertuko baina zentzu baten egin dugu eta aldarrikapenak ez dira faltako. Martxoaren 10ean Akelarre Seccion Femenina-ko kidez mozorrotuta joango da. Faxismoaren gorakadarekin, gure eskubideak akatu nahi dituztenez, «El manual de la buena esposa» Falangeko Seccion Femeninak egindako manuala erabili ordez, Akelarrek “El MANUAL DE LA BUENA SANTUTXERA” aterako du.
Bestetik, topaketa, egun pasa edo asteburu pasa bat egingo dugu gure harremanak sendotzeko eta Maiatzak 1eko dinamikan parte hartzeko. Gure gazte perspektiba eta gure ideologia feminista beharrezkoak dira langileen nazioarteko eguna ospatzeko eta borrokatzeko. Gu gazte eta emakume izanda, biderkatzen zaigu zapalkuntza eta horrexegatik gure plangintza sartu behar dugu.
Akelarre taldea sortu zenetik orain arte burututako ekimenak
2016:
Azaroak 25: Emon aurpegia eta irten kalera!
Martxoak 8: Murala Karmelan: Karmela feminista izango da edo ez da izango,
Santutxuko jaiak: Ekitaldi feminista.
2017:
Martxoak 8: Bertso afari feminista.
Santutxuko jaiak: Ekitaldi feminista: Akelarreren aurkezpen ofiziala
Zineforum: Figuras ocultas, Karaoke feminista.
Azaroak 25: Auzoko dekorazioa.
2018:
Martxoak 8: Asanblada informatiboa, “Emakume feminista, antikapitalista eta langileen aurpegiak”-ren erakusketa Karmelan, Kalejira musikatua auzotik.
Zine Forum: “Mujeres del siglo XX”, Ekitaldi feminista, Karaoke morea.
Azaroak 25: Mural feminista “Euskal Herrian eraildako emakumeen oroitzapena”, Kamelan Murala frontoian: “Matxismoari tanto, gurea da sakea!”,
Documentala: “Martxan”.
Gabonak: Dekorazio feminista gabonetako zuhaitzan.
Inauteriak: parte hartu desfilean “Sección Femenina”
Comments: no replies